XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Harkaitz izugarri baten azpian, itsasorainoko aldatz behera handian, huntzak igotzen duen eliza baten inguruan dago etxe zahar multzoa, porturainoko karrika hestuekin.

Itsaslapurren gordeleku haretaraino ez dago ez trenbiderik ez autoentzako kaminorik, mandoz eta oinez ibili ohi dira hango kontrabandistak, eta ni ere oinez abiatu behar izan naiz, ene nagusien aginduz.

Kalatxoriak lehorrean barrura sartzea ekaitzaren seinalea da, bada aspaldian ukan ditut gainean, itsasertzera ailegatu orduko.

Eta Kantauri itsasoa soegin dudanerako trumoia gainean dut, itzaltsu eta zelati dator mendi gain eta uhain gainak ilunduaz.

Ilunabarrean, korrika abiatu naiz karrika hutsetan behera, harlausa zikinetan irristatuaz.

Portu aurrean ostatu tipi eta bakar bat dagoela eta han marinel zahar bat aurkituko nuela esan zidaten nagusiek, eta harentzat da ene enkargua.

Herri barrenera iristean, kaiaren aurrean, kristalezko leihoak dituen ostatura sartu naiz, ostatu zahar eta ilun batetara.

Zurezko mahai dastatu batetan bakarrik eseria, bilatu dut gizona, bizar zuri eta azal zimurtua.

Ez da hona arrotzik usu sartzen, seguruasko, ezen berehala ezagutu nau, eta bere mahaian eseritzera gonbidatu.

- Ekaitza dakarrela diote - esan dit begietara soeginez -.

Goiko muinotik ikusi duzu, ez? - Bai, korrika etorri behar izan naiz - erantzun diot.

- Ekaitz beltza - dio.

Tabernariak kriseilua izeki du, eta zaharraren begi ilunak, orain, urdin nabarrak iruditu zaizkit.